Hitz gutxitan esanda, Eskola bidea haurrak eskolara beraien kabuz,
seguru eta oinez joatea ahalbidetuko duen bideen sarea da, baina ez hori
bakarrik, modu parte hartzailean haurren eta hezkuntza komunitatearen
beharrak asetzeko garatzen ari garen proiektua ere bada.
Aurreko
ikasturtean, haur eta familien mugikortasun aukera eta ohituren gaineko
diagnostiko bat egin genuen, ondoren, bide jakin batzuk diseinatu ziren,
eta azkenik, froga pilotua burutu zen. Ikasturte honetan berriz, Eskola
Bidearen dinamika egonkortzeko ahaleginean ari gara.
Orain
dela ez asko haurrak eskolara beraien kabuz joatea ohikoa bazen ere,
badirudi azken urteetan joera hau aldatu egin dela eta gero eta haur
gutxiago dira etxetik eskolarako bidea modu autonomoan egiten dutenak.
Errealitate honek, zenbait gabezia eragiten dizkie haurrei, esaterako,
ingurunea ezagutzeko eta modu autonomoan konfiantzaz mugitzeko
zailtasunak, espazio publikoa elkarbanatzeko eragozpenak, sedentarismoa,
haurren arteko kaleko harremanak mugatuak izatea edo motordun
ibilgailuekiko dependentzia eta hauek suposatu dezaketen arriskua.
Egoera
honen aurrean, Soraluzeko “Herrixak Hezi” Hezkuntza Proiektuaren
baitan, “Eskola Bidea” egitasmoaren bitartez haurren ahalduntzean eta
autonomiaren garapenean eragin nahi da, eskolara beraien kabuz, oinez
eta bide seguruetatik joatea sustatuz eta ahalbidetuz. Hezkuntza
Proiektuari dagokionez, esan beharra dago, prozesu parte hartzaile
batetik jaiotako egitasmoa dela, zeinak elkarrekintzan gara daitezkeen
proiektu ezberdinak biltzen dituen, tartean, aipatutako eskola bidea,
bereziki haurren eta beraien familien behar konkretuak asetzeko
proposatua izan zena.
Gainera, haurrentzat ez ezik, kalea oinezko
ororentzat berreskuratzea ere bilatzen da egitasmo honen bidez, izan
ere, herriko gune nagusiak autoentzako gune bilakatu direla esan daiteke
eta haurrak kasu askotan autoz heltzen dira ikastetxera, inguruarekin
izan dezaketen harremana murriztuz. Eskola bidearen bidez, sozializazio
eta harreman eredu berriak sustatuko dira, komunitate izaera garatuz eta
herriko merkatari, familia, eragile eta bestelakoak proiektuan
inplikatuz. Era berean, herritar ororengan eragina duten zenbait
aspektu jorratuko dira, hala nola, irisgarritasuna, mugikortasuna,
ohitura osasuntsuak, etab.
Proiektuaren oinarrian ezinbestekoa
da haurrak egotea, eta nola ez, herriko hezkuntza eragileak
inplikatzea, modu honetan, hezkuntza komunitatearen parte hartzea
bultzatuz eta herriarentzat esanguratsua izango den bilakaera bat
bermatuz.