HAURRAK ERDIGUNEAN JARTZEA: HAURREN AUTONOMIA ETA BENETAKO
PARTE-HARTZEA
Parte-hartzea balio eta lan ildo nagusietako bat da Eskola Bideen egitasmoan,
jendartearen eraldaketaren oinarria delako. Parte-hartzea, norbere izaeraren
eraikuntzan ezinbesteko ezaugarri da, eta era berean, talde izaera edota herri proiektu
integrala sortzeari begira, oinarri-oinarrizko tresna.
Parte-hartzearen inguruan hitz egiten dugunean, norberari eta komunitateari eragiten
dioten erabakiak adierazteko, eta gizarteak horiek onartzeko gaitasunari buruz ari gara.
Beraz, parte-hartze eskubidea izango da komunitateko edozein kidek, haur zein heldu,
duen eskubiderik garrantzitsuena.
Orain arte heziketaren munduan aritu garenok haurren nahiak eta beharrak
identifikatzen ahalegindu gara, haurrak kontuan hartu gabe. Haurren gaitasunak alde
batera utzi ditugu, beraien gaitasun emozionala, erabakitzeko ahalmena eta autonomia mugatuz.
Haurren eskubideen alde egitea, gaur egun dugun hiri eta bizi eredua zalantzan aritzea
bezala ulertzen dugu.
Hona hemen prozesu parte-hartzaile batek haurren parte-hartzea bermatzeko bete
behar dituen baldintzak:
- Haurrak edozein proiektuan parte hartu dezake: Ekintza txikienetatik proiektu
handienetara, baita espazioaren diseinua eta planifikazioa aurrera eramaten eta
ebaluatzen ere.
- Haurrak komunitateko kide diren neurrian, erabakitze-esparruetan egoteko
eskubidea daukate, eta beraien parte-hartzea bermatu behar dugu.
- Haurren parte-hartzea beraien eremu hurbilenean eman behar da,
errealitatetik abiatuta eta bertan kokatua.
- Helburuekin bat datozen metodologia hurbilak eta denontzako eskuragarriak
diseinatu behar dira.
- Haurrek beren parte-hartzeak balio duela, beraien egunerokotasunean
aldaketak eragiten dituela eta gainontzeko herrikideen aitortza jasotzen duela
nabaritu behar dute.
- Parte-hartzearen bidez lortutako haurraren protagonismoak haurraren
ahalduntzea dakar.
- Parte-hartzeak, gainera, euskararen erabilera bultzatuko du.
- Genero ikuspegia kontuan izan, eta praktika hezkidetzaileak martxan jarriko
ditu.
Eskola bidea haurren autonomia eta parte hartzea lantzeko ezinbesteko ekimena da
gure ikuspegitik, haurren eta familien parte hartzea lantzeaz gain, beraien ahalduntzea
sustatzen baita, baita herritarren ororen arteko kohesioa ere.
KALEAK OINEZKOENTZAT BERRESKURATZEA, HERRI ETA AUZOEN
ERALDAKETA
“Haurrak mugitzen direnean, gero eta maizago gurekin mugitzen dira, gure kotxean,
atzeko jarlekuan. Modu honetan, haurrak ez du hiria ikusten, ez ditu bere ezaugarriak
bereizten (…) Mugitzeko modu arraro honetan ez du ezer finkatzen, ez du bere espazioa
antolatzerik lortzen, ezin du bere hiria eraiki” (Francesco Tonucci, Haurren Hiria)
Haurrek espazio itxietan gero eta denbora gehiago igarotzen dutela eta kalean jolastu
behar dutela aldarrikatzen dute askok. Baina horretarako, “bestelako hiriak behar
ditugu, autoa protagonista izan ordez ingurumena eta herritar guztiok kontuan
hartuko gaituzten hiri eta herriak. (…) Haurrak kalean dabiltzan hiria, hiri segurua da,
ez haurrentzat bakarrik, zaharrentzat, elbarrituentzat eta hiritar guztientzat baizik" (Francesco Tonucci, Haurren Hiria)
OHITURA OSASUNTSUAK LANTZEA
Gaur egungo, bizimoduaren azkartzearen ondorioz, haur asko autoz eramaten ditugu
ikastetxera: etxetik autora, eta autotik eskolarako ibilbideak eginez
Eskola Bideen egitasmoaren bitartez, ohitura osasuntsuak sustatu nahi ditu gure artean:
haurrak oinez, bizikletaz zein patinetean joan ahal izateko bideak eratuz. Etorkizunerako
ohitura osasuntsuak finkatuz, sedentarismoa eta gaur egunean gero eta gehiago diren
osasun arazoak (asmak, obesitatea...) saihestu genitzake.
KOMUNITATEKO ERAGILEAK BARNE HARTZEN DITUEN LAN TALDEA OSATZEA
(UDALA, ESKOLA, GURASOAK)
Eskola bideen eraikuntzan, hezkuntza eragile guztiak inplikatzea oinarrizkoa da.
Horregatik, parte-hartzeari garrantzi berezia eskainiz, hezkuntza komunitatea
proiektuaren erdigunean jartzen dugu: umeak, gaztetxoak, hezitzaileak, gurasoak,
auzokideak, merkatariak,… Hezkuntza komunitateak du errealitatearen ezagutzen
zabalena eta eurek erabaki eta landuko dituzte, era parte hartzailean, Eskola bide
egokienak.
Umeen heziketa ardura kolektiboa dela eta elkarren arteko zaintza herritarron
betebeharra dela ulertuta, helduak umeen aliatu bilakatzen dira ekimen honetan:
merkatariak eta inguruko komertzio/bulegoetako langileak Eskola Bidearen bidelagun bihurtuz.