Patioaren erabilera eta genero berdintasuna: duela zenbait urte ekin genion ikastolako patioan
gertatzen zenaren inguruan hausnartzeari eta bertatik ateratako ondorioa izan zen neskek eta
baloiarekin jolastea gustuko ez zuten mutilek espazioaren lekurik txikiena eta bazterreko tokiak
erabiltzen zituztela eta mutil baloi zaleek hartzen zutela espaziorik zentralena eta zabalena. Era
berean, ikasle guztien nahiak, gustuak eta beharrak ez ziren asetzen zegoen patio ereduarekin
eta antolaketarekin, horregatik, ikasleekin hitz egin, beraien iritzia jaso eta hainbat aldaketa egin
genituen (porteriak kendu, material ezberdina eskuratu, jolas garaiak beste era batera arautu,).
Zentzu honetan lanean jarraitzen dugu eta parte hartze prozesuen bidez, irakasleen behaketaren
bidez eta Ikastolako Kanpo Espazioa taldearen bidez gai honen inguruan hausnartzen eta eragiten
ahalegintzen gara, etengabeko prozesu baten bidez.
Mugikortasuna eta ohitura osasuntsuak:
Udarregi Ikastola herriaren goiko aldean kokatuta dago, bertara iristeko aldapa igo behar da.
Ikasle gehienak oinez joaten dira ikastolara, gutxi batzuk bizikletaz eta gainerakoak kotxez nahiz
autobusean. Egunerokoan garrantzia ematen diogu mugikortasunari eta horregatik, sarritan irteten
dira adin ezberdinetako ikasleak ikastolatik inguruko baso, zelai, auzo eta parkeetara. Ohikoa
da ikustea Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, nahiz DBH.ko ikasleak beraien irakasleekin
herriko txoko ezberdinetan zehar oinez ibilbideak eginez edo jolaserako eta ariketa fisikoa egiteko
lekuaren bila. Egia esan Usurbilen leku ugari daude ikasleekin joateko egokiak direnak eta ohitura
osasuntsuak hartzeko baliogarriak direnak. Hala ere, ikasle zaharrenek beraien beharrei eta
ezaugarriei egokitutako jolastokiak, bilguneak, txokoak aldarrikatzen dituzte, iaz egindako parte hartze
prozesuan adierazi zuten moduan.
Natura eta aire libreko ekintzen sustapena: Covid19ak hainbat
kalte ekarri ditu gizartera eta ikastetxeetara, baina era berean, positiboki har ditzakegun aldaketak ere
ekarri ditu. Izan ere, gaixotasuna kutsatzeko arriskua asko murrizten da aire librean egonez gero eta
horregatik, ikastolako irakasleek hainbat saio ematen dituzte kanpoan. Aurreko ikasturtean Ikastolako
ikasle, irakasle eta gurasoen artean udal brigadarekin elkarlanean hainbat espazio egokitu genituen
klaseak aire librean eman ahal izateko eta oso esperientzia baliotsua izan zen. Era berean, ikasle
zaharrenek ezin dituzte barruko espazioak erabili jolas garaietan eta horregatik, garrantzitsua da
Ikastola inguruan atsedena hartzeko nahiz jolasteko leku ezberdinak izatea. Aurreko ikasturtean
DBH-ko ikasleentzat lasai egoteko lekuak prestatu genituen, aurten, gure nahia jolaserako eta
mugimendurako espazioak egokitzea da.