Bisitarien aldetik,
nabarmen igo da mendi ibilbideak egiteko eskaera. Zalantzarik gabe, egungo bizi
ohiturek eragina izan dute turismoan. Berebiziko garrantzia du ibilbideak behar
bezala seinaleztatuta egoteak. Azken finean, eskualdea bisitagarria da oso; jendeari
atentzioa ematen baitio gure ingurune aberatsak.
Proiektu honen garapenaren bitartez mahai gainean jarriko da turismo sektorean
beste aukera bat. Aldi berean, gure baliabideak aprobetxatuko ditugu eta gure herritarrengana
gehiago hurbiltzeko modua eraginkorra izango da. Bisitariei turismorako gure
ingurune zoragarriaz gozatzeko aukera bat gehiago eskaintzearekin batera,
bertako bizilagunei bailarako ondarea eta hainbat jarduera ezagutaraziko
dizkiegu. Bide batez, Urola Kostako herriarteko lotura indartuko dugu.
Proiektuaren baitan badago Urola Kostako herriak lotuz (Zumaia, Getaria,
Zarautz, Orio eta Aia), mendi ibilbideak ezagutarazteko nahia. Are gehiago,
ingurune horietan ditugun kultura baliabideak balorean jarri eta jendeari
horiek ezagutaraztea ere bada egitasmoaren helburu. Hala, jendeak hainbat
mendi martxa burutuz, aukera paregabea izango du gure ingurunea
ezagutzeko; bai kulturalki, bai ondare aldetik eta baita ere bertako jarduerei
buruz ere.